domingo, 2 de diciembre de 2012

08/12/2012 - Santa Maria Ama Birjinaren Sortze Garbia (C)

Inicio ..... Ciclo A ..... Ciclo B ..... Ciclo C ..... Euskera

Lecturas y Evangelio del domingo

Para leer, compartir, bajarse o imprimir las lecturas y el Evangelio del domingo haz "clic" sobre el título del domingo, o haz "clic" sobre Ciclo A, Ciclo B o Ciclo C, en el menú superior para leer los evangelios de cada ciclo.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------

8 de diciembre de 2012

Santa Maria Ama Birjinaren Sortze Garbia (C)



LEHENENGO IRAKURGAIA

Elkarren etsai egingo zaituztet hi eta emakumea, hire eta haren ondorengotza

Hasiera 3,9-15. 20

Jainko Jaunak dei egin zion Adani zuhaitzetik jan ondoren:
–Non zara?
Gizonak erantzun:
–Zure oin-hotsa baratzean entzun dudanean, beldurtu eta gorde egin naiz, biluzik nagoelako.
Jainkoak esan zion:
–Eta nork jakinarazi dizu biluzik zaudela? Galarazi nizun arbolako fruitua jan al duzu?
Gizonak erantzun:
–Laguntzat eman didazun emakumeak fruitua eskaini dit eta jan egin dut.
Jainko Jaunak esan zion emakumeari:
–Zer egin duzu?
Emakumeak erantzun:
–Sugeak engainatu nau eta jan egin dut.
Orduan, Jainko Jaunak sugeari esan zion:
«Hori egin dualako,
madarikatua hi abere guztien artean
eta basapiztia guztien artean!
Sabel gainean arrastaka ibiliko haiz
eta hautsa jango duk
heure bizitzako egun guztietan.
Elkarren etsai egingo zaituztet
hi eta emakumea,
hire eta haren ondorengotza;
honek burua zapalduko dik
eta hik orpotik helduko diok».
Gizonak bere emazteari Eva, hau da, «Bizi», eman zion izen, bizidun guztien ama delako.

Jaunak esana

SALMOA

Salmoa 97, 1. 2-3ab. 3c-4

R.
Kanta Jaunari kantu berria.

Kanta Jaunari kantu berria,
egintza harrigarriak egin baititu:
garaile egin du bere esku indartsu paregabeak. R.

Bere garaipena azaldu du Jaunak,
bere salbamen-ekintza agertu nazioen aurrean.
Ez du ahaztu bere maitasuna, Israel herriari dion leialtasuna. R.

Mundu-bazter guztiek ikusi dute gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lurtar guztiok,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristorengan aukeratu gintuen
mundua mundu izan baino lehen

Efesios 1,3-6. 11-12

Goretsia izan bedi Jainkoa,
Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
zeruan, Kristoren bitartez,
Espirituaren ondasun oroz
bedeinkatu gaituena!
Kristorengan aukeratu gintuen
mundua mundu izan baino lehen,
haren aurrean santu eta akats gabe
izan gaitezen maitasunez.
Bere onginahiak eraginda,
ordutik zuen erabakia
Jesu Kristoren bitartez
gu seme-alabatzat hartzea,
bere Seme maitearengan
eskuzabal eman digun
dohain zoragarria
berarentzat gorespen-kantu
bihur dadin.
Honen bitartez
gara oinordeko gu ere,
lehendik Mesiasengan
itxaropen genuenok,
gauza guztiak berak nahi bezala
egiten dituen Jainkoak
aurrez aukeratu baikaitu
bere asmoaren arabera,
bere aintzaren gorespen-kantu
izan gaitezen.

Jaunak esana.

ALELUIA Lk 1,28

Aleluia, aleluia.
Agur, Maria, Jainkoaren gogoko hori!
Jauna zurekin.
Bedeinkatua zu emakume guztien artean. Aleluia.

EBANJELIOA

–Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.

Lukas 1,26-38

Egun haietan, Jainkoak Gabriel aingerua bidali zuen Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena, eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen.
Aingeruak, Mariarenean sarturik, esan zion:
–Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.
Hitz hauek entzutean, ikaratu egin zen Maria eta agur horrek zer esan nahi ote zuen galdetzen zion bere buruari. Aingeruak esan zion:
–Ez beldurtu, Maria! Jainkoak gogoko zaitu.
Hara, haurdun gertatuko zara, semea izango duzu eta Jesus ipiniko diozu izena.
Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta bere aita Daviden tronua emango dio Jainko Jaunak.
Israel herriko errege izango da betiko, eta beraren erregetzak ez du azkenik izango.
Mariak esan zion aingeruari:
–Baina nola gerta daiteke hori, ez bainaiz gizon batekin bizi?
Aingeruak erantzun zion:
–Espiritu Santua etorriko da zuregana eta Goi-goikoaren indarrak hodeiak bezala estaliko zaitu; horregatik, zuregandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote.
Begira, Elisabet zure lehengusina ere haurdun gertatu da bere zaharrean eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinezkorik.
Orduan, esan zuen Mariak:
–Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala.
Eta aingeruak utzi egin zuen.

Jaunak esana.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

La publicación de los comentarios requerirán la aceptación del administrador del blog.